
(BERRIA-tik lortua)
Haurrentzako komiki aldizkari ezaguna argitaratzeari utzi dio Erein argitaletxeak, 362. zenbakia kaleratu eta gero Euskal Herriko komikilari askok kolaboratu dute aldizkarian duela 31 urte sortu zenetik
“Badirudi gure gizartean ez garela konturatzen dugunaz horren eza nabaritu arte, badirudi bost axola zaigula alboan duguna, albokoa, ingurua, harik eta horren hutsunea, horren gabezia nabaritzen hasi arte”. Arazo ekonomikoen ondorioz Xirrixta eta Kometa haur aldizkariak argitaratzeari utzi zietenean idatzi zituen hitz horiek Alice Garziarenak, 1998ko urtarrilean, Garziarena Berria aldizkariaren 2. zenbakian. Hamar urte geroago, gaurkotasun betea dute Alice Garziarenaren hitz horiek, orain beste haur aldizkari batek etengo baitu behin betiko bere ibilbidea, Ipurbeltz-ek, 1977az geroztik, 31 urtez, euskarazko haur komikigintzan erreferentzia ezinbestekoa izan ondoren. Azken zenbakia iritsi berri da kalera: 362.a.
Erein argitaletxea arduratu da, hasieratik amaierara arte, Ipurbeltz aldizkariaz, baina harpidetzen beherakadak eta gizarteko joeren aldaketek Ipurbeltz bertan behera uztera bultzatu dituzte orain Ereineko arduradunak.
“Ipurbeltz-ek 31 urte bete ditu kaleratu zenetik, eta urte horietan asko aldatu da gure gizartea, eta ez gutxiago gure irakurleria ere”, azaldu du Idoia Gonzalez Ipurbeltz aldizkariko zuzendariak. “Edozein aldizkaritako harpidetzak une larrian dabiltza gaur egun, eta Ipurbeltz-eko joera ere halatsu zebilen: behera. Gizartearen joerekin batera gazteen gustuak ere aipatu behar direla iruditzen zaigu: azkenalditxoan Ipurbeltz-ek ez zuen lortzen garai bateko harrerarik. Komikia ere ez dabil gure artean momenturik loriatsuenean”.
Erabakia pena handiz hartu dute -pena handiz “batez ere gaur egun oraindik aldizkaria erosten jarraitzen duten ehunka gutxi horiengatik”-, baina ez dute beste irtenbiderik ikusi, Gonzalezek dioenez. “Alor asko landu ditu Ereinek bere sorreratik, baina ez da denbora alferrik igarotzen, eta gaurko gizarte errealaren eskaera berriei erantzuteko gaude gu, ez jada iraganaren kontu direnetan bertan goxo jarraitzeko. Harpidetzaren eboluzioak ez du gezurrik esaten”.
Ereinen erabakiaren berri izan eta gero, aldizkariko arduradunekin bildu ziren hainbat kolaboratzaile. “Baina inork ez dio heldu proiektuaren jarraipenari”, Gonzalezek azaldu duenez. Oraingoz, beraz, ez dago Ipurbeltz-en hutsunea beteko lukeen inongo proiekturen zantzurik.
Julen Lizundia izan zen Ipurbeltz-en sortzaile nagusietako bat, 1977an, baina orain, 31 urte geroago, ez du tristatzen Ipurbeltz bertan behera geratuko dela jakiteak. “Ez dit pena ematen. Bere garaia izan du eta orain bukatu egin da, lan asko eta material pila harrigarria utzita. Hori hor geratuko da”. Gaur egungo gizartean “gauza asko” daudela dio Lizundiak, eta ez dela harritzekoa, horrenbestez, haurrentzako komikiaren eskaria jaistea.
Ikastolen bultzadaz sortua
“Ikastolen munduak” bultzatu zuen Ipurbeltz-en hasiera, Lizundiak gogora ekarri duenez. “Ikastolak euskaraz irakurtzeko gogoa bultzatuko zuen zerbaiten bila zebiltzan, irakurketa erraz eta erakargarriko gauzaren baten bila, eta, horretarako, komikiak ematen zuen bitartekorik egokiena”.
Anjel Lertxundi idazleak ere -Erein argitaletxearen sortzaileetako bat baitzen- parte hartu zuen sorreran. Lertxundiren etxean bildu ziren, 1977ko irailean, Mikel Plazaola, Jesus Lucas, Antton Olariaga, Tomas Hernandez Mendizabal , Hilario Urkia eta Pedro Agirregomezkorta, Lertxundirekin eta Lizundiarekin batera, aldizkaria martxan jartzeko. Asentxio Ondarzabal eta Inazio Albisu arduratu ziren arlo ekonomikoaz.
Lehen hilabeteak “oso interesgarriak” izan ziren, eta “sormen indar handikoak”, Lizundiak oroitzen duenez.
“Eztabaida handiak izan ziren aldizkariak izan behar zituen ezaugarriei buruz”.
Aldizkariaren helburu nagusietako bat “euskara hizkuntza erabilgarria eta erabilia izan zedin laguntzea” izan zen, “kalean, adiskideen artean, etxean… erabiliko zen hizkuntza, eta baita ondo pasatzeko hizkuntza ere, eskoletara eta ikastolen eremura mugatuta egongo ez zena”.
Bazuen bestelako asmorik ere aldizkariak. Batetik, “ezaugarri propioak” izango zituen komiki mota bat garatu nahi zuen Ipurbeltz-ek: “Umorea, irudimena eta abentura gailenduko ziren, gogorkeriaren eta matxismoaren topikoak alde batera utzita”. Bestetik, Euskal Herriko gidoigile eta marrazkilari berrientzat “plataforma” izan nahi zuen. Horretaz gain, zabalik egon nahi zuen, “sor zitezkeen aldaketa eta premia berrietara egokitu ahal izateko, dinamikoa izateko, gizartearen beraren bilakaerari jarraituz”.
Sortzaileentzako aukera
“Marrazkilariak eta gidoigileak bildu ginen, eta oso interesgarria izan zen gidoigileekiko kontaktua eta elkarlana”, oroitu du Antton Olariagak, Ipurbeltz-en aurreneko zenbakiaren azalaren egileak. “Niri aukera paregabea iruditu zitzaidan hasieratik: gure lanak euskaraz argitaratzeko aukera eskainiko zigun aldizkaria, argitaletxe baten babesarekin”.
“Sortzeko askatasuna eskaini zuen hasieratik Ipurbeltz-ek”, Olariagaren iritziz. “Bakoitzak nahi zuena egiteko aukera zeukan, betiere kontuan hartuta helburua gazte jendearentzako komikia egitea zela. Nahiz eta gazteentzako izan, saiatzen ginen irakurketa maila bat baino gehiagoko lanak egiten, gaztetxoentzat ez ezik helduentzat ere erakargarri izan zitezkeen gauzak egiten. Nik oso ondo pasatu nuen. Guri ondo pasatzeko, lan egiteko eta ikasteko aukera eman zigun Ipurbeltz-ek”.
“Marrazkilarien aldetik begiratuta, Ipurbeltz-en jende pila handiak egin du lan”, dio Olariagak, “eta horietako batzuk beste medio batzuetan lan egitera pasatu dira. Marrazkilarien profesionalizazioan lagundu du”.
Edozein aldizkaritako harpidetzak une larrian dabiltza egun, eta gurea ere halatsu: behera”
Idoia Gonzalez
‘Ipurbeltz’ aldizkariko zuzendaria
“Bere garaia izan du eta orain bukatu egin da, lan asko eta material pila harrigarria utzita”
Julen Lizundia
‘Ipurbeltz’ aldizkariaren sortzaileetako bat
“Guri ondo pasatzeko, lan egiteko eta ikasteko aukera eman zigun ‘Ipurbeltz’-ek”
Antton Olariaga
‘Ipurbeltz’-en hasierako kolaboratzailea
‘Xabiroi’, oasi bakarra komikiaren basamortuan
‘Ipurbeltz’-ek utziko duen hutsunearen ondorioz, euskarazko komiki aldizkari bakarra izango da aurrerantzean
Aurretik Xirrixta eta Nanai desagerturik, eta orain Ipurbeltz-en bidea ere behin betiko etenik, Xabiroi da geratzen den euskarazko komiki aldizkari bakarra. Duela hiru urte sortu zen Xabiroi, Ikastolen Elkartearekin babesarekin. Baina Xabiroi ez da -Ipurbeltz eta gainerakoak izan diren bezala- haurrentzako aldizkaria, 12 urtetik gorako adin guztietako irakurleentzakoa baizik. Beste esparru bat hartzen du, eta orain arte Ipurbeltz-en osagarri izan da.
“Pena handia da Ipurbeltz-ek ez jarraitzea”, Dani Fano Xabiroi aldizkariko koordinatzailearen ustez. “Xabiroi-ren koordinatzaile gisa, ondo dakit zein zaila den komiki aldizkari bat aurrera ateratzea”.
“Beste inork hartzen ez zuen esparrua hartzen zuen Ipurbeltz-ek, haur txikiena”, adierazi du Fanok. “Xabiroi, berriz, irakurle helduxeagoentzat da, 12 urtetik 18ra bitartekoentzat, baina helduek ere jarraitzeko modukoa. Elkarren osagarri ziren, beraz, eta orain haur txikientzako esparruan zulo bat geratuko da, garrantzitsua, irakurzaletasuna hor hasten baita, hortik sortzen baitira komikizaleak. Euskarazko komiki oso gutxi ateratzen da orain. Xabiroi aldizkariaz eta Saure argitaletxeaz kanpo ezer gutxi geratuko da orain”.
Ipurbeltz aukera izan da beti Euskal Herriko komikilarientzat”, dio Fanok. “Gehienok hor hasi gara. 2001ean hasi nintzen ni Ipurbeltz-en kolaboratzen; gero, bizpahiru urteren ondoren, beste lan batzuk egiten hasi nintzen arte, Xabiroi batez ere.
Poztuko litzateke Fano Ipurbeltz-ek utziko duen hutsunea beste norbaitek beteko balu, baina oso zaila irizten dio, komikigintzak egun dituen zailtasunen ondorioz. “Xabiroi-k Ikastolen Elkartearen babesari esker egiten du aurrera. Bestela ezinezkoa litzateke, kioskoan ezin baitzara lehiatu gaur egun. Oso tirada handia eduki behar duzu, eta aldizkari handiek jaten zaituzte”.
Mintxo, Kipe eta Punkiren sortzaileen iritzia
Miguel Berzosa
Mintxoren sortzailea
“Haur literaturako ipuinek hartu dute komikigintzak haurrentzat izan duen lekua”
Bigarren zenbakian egin zituen Ipurbeltz-erako lehen kolaborazioak Miguel Berzosak, eta Ipurbeltz-eko komikilaririk oparoenetakoa izan da.
“Pena handia da Ipurbeltz desagertzea”, Berzosaren ustez, “nahiz eta azken urteetan, nire ustez, beherakada handia izan duen kalitate artistikoari dagokionez”. Beherakada horren arrazoiari buruzko hipotesia ere badu: “Antza denez, maila jakin batera iritsitako marrazkilariak ez zeuden prest diru gutxiren truke lan egiteko”. Bere kasuan, kolaborazioengatik jasotako dirua baino gehiago “lotura sentimentala” izan da ilusioaren euskarria. “Azkenera arte, ilusioz eta kalitatea bilatuz egin ditut beti Ipurbeltz-erako lanak”.
“Haur literaturako ipuinek hartu dute komikigintzak haurrentzat izan duen lekua”, Berzosaren ustez. “Gaur egun haurrentzako ipuin asko argitaratzen da, eta komikigintza, aldiz, gaztetxo eta gazteentzako gelditu da, baina bereziki super-heroien komikia eta manga kontsumitzen duten gazteentzat. Era horretako komikigintza kanpotik dator, ez da hemen egiten. Horregatik, bertako produkzioan oinarritutako euskarazko komiki bat egitea oso abentura zaila da, eta ez dut uste inork hartuko duenik Ereinen lekukoa” .
Gaur egun ilustraziogintzan eta publizitatean egiten du lan batez ere Berzosak, Frantzia eta Kataluniako argitaletxeentzat batez ere. Mintxo pertsonaia izan da Berzosak Ipurbeltz-en utzi duen arrastorik sakonenetakoa. Baina aspaldi utzi zuen Mintxo alde batera, eta ez du hura berreskuratzeko inolako asmorik. “Gaur egun Mintxok ez luke inolako interesik izango”, Berzosaren ustez.
Jose Angel Lopetegi
Kiperen sortzailea
“‘Ipurbeltz’ erreferentzia bakarra izan da urte askoan Euskal Herriko komikigintzan”
16 urte zituela hasi zen Jose Angel Lopetegi Ipurbeltz-en kolaboratzen, 7. zenbakian, eta harrezkero pertsonaia asko egin ditu, nahiz eta bolada batzuetan kolaboratzeari utzi. “Ipurbeltz erreferentzia bakarra izan da urte askoan Euskal Herriko komikigintzan, hemengo komikilariek hemengo umeentzat egindako aldizkaria”, Lopetegiren ustez. “Oso hutsune handia utziko du. Euskarazko komiki aldizkari bakarra geratuko da, Xabiroi, adin gehiagoko gaztetxoentzat egindakoa”.
Lopetegik ez du uste beste inork hartuko duenik Ipurbeltz-en lekukoa. “Oso zaila da. Komikiaren krisialdia oso nabarmena da, ez bakarrik Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere, Europa osoan, gero eta gutxiago irakurtzen dira komikiak. Manga, superheroiak eta horrelakoak kenduta, gainerakoan komikigintza krisi larrian dago”.
Horrenbestez, ez du harrigarritzat jotzen Ereinek Ipurbeltz bertan behera utzi izana. “Ez dakit zenbat harpidedun izango zituen, baina urtetik urtera gutxiago izango ziren. Ipurbeltz ez da inoiz izan irizpide definitua duen aldizkaria, era askotako lanak batzen zituen elkarren ondoan, eta hori nabaritzen da kioskoan. Gainera, nik uste dut Ereinek ez duela asko zaindu Ipurbeltz azken urte hauetan, inertziaz atera duela, eta azkenean argitaletxearentzat ia-ia oztopo edo zama bat izan dela. Hori da behintzat nik dudan irudipena”.
Marrazki bizidunetan lan egiten dut batez ere egun Lopetegik. Baina Kipe eta Pirata pertsonaiak lantzen jarraitzen du. “Pirata pertsonaiaren istorioak Saure argitaletxearen bidez ari naiz ateratzen oraingoz”, dio, “baina Kiperekin ez dakit zer egingo dudan aurrerantzean”.
Antton Dueso
Punkiren sortzailea
“Horrelako produktuak ez dira errentagarriak izaten, baina beharrezkoak dira”
Antton Dueso 1979an hasi zen Ipurbeltz-en kolaboratzen, 16 urterekin, eta marrazkigintzan egin duena egin izana Ereini eta Ipurbeltz-i zor diela dio. “Nire kasuan, eta kolaboratu duten komikilari guztientzat nik uste, eskola bat izan da Ipurbeltz. Ez da eskola bat izan estilo jakin bat izan duelako, Euskal Herriko komikilari ia guztiok hortik pasatu garelako baizik, Antton Olariagarengandik hasita”.
Ipurbeltz-ek ez luke desagertu behar, Duesoren ustez. “Horrelako produktuak ez dira errentagarriak izaten, baina beharrezkoak dira, eta zaintzea eskatzen dute, haien alde borrokatzea segundo oro. Baina, nire ustez, azken urteetan ez da egon ilusiorik eta aurrera jarraitzeko benetako interesik Ipurbeltz-en barruan”.
“Guk kasualitatez eta berandu jakin dugu Ipurbeltz ez dela gehiago kaleratuko”, azaldu du Duesok, “eta jarraipena izan dezan antolatzen hasi garenean ikusi dugu jada ezinezkoa dela, Ereinek ez baitio Ipurbeltz-entzako urteroko diru laguntza eskatu Eusko Jaurlaritzari”.
Hala ere ziur dago Ipurbeltz ez dela hilko. “Izen horrekin hilko da beharbada, baina jende askok irakurtzen eta jarraitzen zuen Ipurbeltz. Jende gutxik erosten zuen, egia da, baina ikastolen eta Euskal Herriko eskolen munduan oro har oso ezaguna da, hiru belaunaldirentzat gutxienez. Eusko Jaurlaritzak edo beste erakunderen batek parte hartu beharko luke”.
Ipurbeltz-en amaiera arte egin ditu Duesok Punkiren istorioak, baina ez du pertsonaia horren istorioekin jarraitzeko asmorik. “Punkiren berrargitalpenak egiten ditut, arrakasta handiz, Desclee de Brouwer argitaletxearekin, baina istorio berririk sortzeko asmorik ez dut”.