
Behin edo alderatu izan dut Krutwig Nietzsche-rekin, ikuspuntu intelektual batetik aztertuz gero txanpon beraren aurkako aurpegiak direla argi ikusten bada ere. Bata guztiz dionisiarra den bitartean beste Apoloren jarraitzaile da, batak gizakiari morala eta mendebaldeko zibilizazioaren edozein arrasto kendu nahi dizkion bitartean, instintoetara itzul dadin (supergizakia lortzeko), besteak aurkakoa nahi du. Antzinako Grezia Klasikoan oinarrituriko irakaspen klasikoaren bitartez gizona (eta ez emakumea, sexista baitugu Krutwig) bere instinto eta bizio txarrez askatu nahi du, gizaki sortzaile bat lortzeko.
Azken ideia horren adibide garbiena dugu irakurtzen nagoen Computer shock vasconia. Año 2001. Onartu beharra dut, ez dut liburua gogoz hartu (idazleari buruz nituen aurreiritziak zirela eta) eta ez dut gogz irakurtzen, baina Krutwig aipatu dudanez erreportai batean edo bestean eta sarean gauza asko irakurri dudanez (eta bere liburuak etxean zeudenez), izenburu deigarriko liburu hau hasi naiz irakurtzen.
Gauza asko kritika ditzaket, bereziki medikuntza ikasten duen ikasle baten ikuspuntutik, hau da, DNAri buruz duen iritzia edo emakume eta gizonezkoen adimen ezberdintasunari buruz esandakoak astakeri hutsak dira. Beno, adimenean ados ez nagoen arren, bere “mediania”ren teoria bi sexuen jokabide ezberdintasunean aplikatuko nuke. Nire aburuz (inolako datu zientifikorik kontuan hartu gabe, noski) emakumezkoak zorionez gizarte honen faktore egonkortzaile bat dira, hau da, historikoki askotan ama izan da familiaren elementu nagusia (Andrés Ortiz-Osés-en ustez euskal gizartean izan duen papel garrantzitsu hori hemendik etorriko litzaioke), lan edo guda arrazoiak zirela medio.
Geure euskal literaturaren lehen urratsetan emakumezkoak goraipatu genituen
Andren gaitzerraile orok behar luke pentsatu
bera eta bertze oro nontik ginaden sortu;
ama emazte luien ala ez nahi nuke galdatu;
amagatik andre oro behar luke goratu.
Emazten fabore, Etxepare (1545)
Olerkia ondoren piska bat lizuntxoagoa jartzen bazaigu ere, ezbairik gabe emakumeei nire ustez asko zor diegu, Krutwig-entzat intelektualki mediania osatzen badute ere, eta artista ezin izan badaitezke ere. Baina, gaiari jarraikiz…zein zen Krutwigen proiektua?
Zer da Sofopolisa?
Jakintsuen hiria. Kultura klasikoaren bitartez batxiler humanista ikasteko zentrua. Greko klasikoaren irakaskuntzan oinarritutako batxiler europeista litzateke, gero karrera jeneralista bat sortzeko.
Antzinako Erroman espezialistak esklabuak ziren. Nagusiak batxiler moduko oso prestakuntza zabala zuen, eta denean zen jakintsu. Klase kulto erromatarra, gainera, grekoz mintzo zen. Latina herri xehearen mintzaira zen.
Sofopolisean ikasiko luketenen bigarren ama hizkuntza greko klasikoa litzateke, aurrena norberaren hizkuntza babestuz. Helburua gizon inteligenteen kasta bat sortzea izango litzateke. Ez oraingo Unibertsitatea bezala, tentelak sortzeko baino ez du balio eta. Elite paneuropeista sortzea da helburua.
Bagenekien europeista zela oso, baina onartu beharra daukat ez nuela uste hain europeista zenik. Hala ere ideia honek oinarrizko akats bat duela uste dut, Krutwig miresmenetik idealizaziora dihoan pausua eman zuen. Hau da, nik (eta edozeinek) kultura edo herri bat miretsi dezaket, baina idealizatze puntura iristen naizean STOP esateko mementua iritsi da. Zer dela eta? beno, kultura bat idealizatzeak berez zehaztasun akats eta kutsu erromantikodun aldaketa batzuk egiteaz haratago joan beharko ez lukeen arren idealizatu dugun kultura hori besteen gainetik dagoela pentsatzera irits gaitezke.
Honen arriskuak ezagunak dira, baina, neur al dezakegu kultura baten ”supremazia” edo gorentasuna parametro objektiboen bidez? kultura unibertsala deritzogun ente abstraktu horri eginda ekarpenak izan behar al dira parametro horiek? japoniar herriak ekarpen handiak egin al dizkio Kultura Unibertsalari? ez dut uste asko izan direnik XX menderarte, baina horrek bere “kalitatea” jaisten al du? zer da kultura unibertsala? ez al da ikuspuntu etnozentrista batetik mendebaldeko herrialdeek sortu dugun kontzeptua?
Berritzaileak izateko beraz grekoak izan behar al dugu? horiek izan al ziren ”gauza berriak” sortu zituzten bakarrak? EZ, ez, eta berriro ere, ez!
Herri guztiek izan dituzte beren ekarpenak, ezin ahantz dezakegu grekoen garrantzia, baina ziur al gaude dena “berritzailea” izan zela? Tales, Arkimedes, Aristoteles edo Pitagoras-ek ez al zuten Egiptoko iturri misterikoetatik edan? beti goraipatzen duen Platon ez al zen Egipton izan, Tales eta Arkimedes bezalaxe? Pitagorasen teorema ezaguna ez al zuten egiptiarrek ondo ezagutzen piramideak eraiki zituztenean? edota sumeriarrek euren zigurat altxa zituztenean? onar dezagun bada guztioak garela beste herri askoren zordun!
Ez ditzagun idealizatu, ez dezagun geure hezkuntza kultura bakar batera mugatu, herri anitzetan baizik! ikas dezagun txinera, frantsesa, ingelesa, gaztelera eta noski, euskara! eta ahal izanez gero latin eta greko klasikoa! egiatan uste al du inork euskal kultura grekera klasikoaren bidez indar daitekeela? ez dut uste, beno Fundación Synón-ekoak bai.