Revista divulgativa sobre cultura vasca

Wikipediak huts egiten duenean: euskalduntze/baskoitze berantiarra

In Opinión on Agosto 15, 2008 at 7:12 pm

Orain dela zenbait asteetatik wikipediak eztabaida bizi izan du fake baten inguruan, euskalduntze berantiarraren teoria. Lehenik eta behin teoria hau wikipedian azaldutako moduan existitzen ez dela argitu beharra dago, hau da, euskal filologian ez da uste akitaniar inbasiorik egon zenik k.o V-VI mendeetan zehar.

Are gehiago, Jose Abaitua irakasleak teoria hau aurkeztu zuenean hipotesi oso ezberdinak nahasi zituen dirudienez: Claudio Sanchez Albornoz-en hipotesia eta honen terminologia (nafartze edo baskoitze berantiar izena alegia), Villar jaunarena, Untermann, etab. Baina azter ditzagun banaka eta ikus dezagun idazle edo hizkuntzalari bakoitzak zer esan zuen:

Claudio Sanchez Albornoz

Claudio Sanchez Albornoz

Claudio Sanchez Albornozen (Nafartze berantiarra) arabera baskoiek (Auñamendietako haran nafar-aragoitarretan bizi zirenak) akitaniarrak, karistiarrak, barduliarrak eta autrigoiak inbaditu eta bultzatu zituzten. Azken hauek bereziki gaur egun Gaztela den lurraldera euren bailaretatik tribu hauek zeuden lautadera iristean. Honi esker baskoitu edo euskaldundu egin ziren, baina era berean hizkuntzalari panfletistak honakoa onartzen du: tribu horiek agian euskararekin loturiko edo ahaideturik egon zitezkeen hizkuntzak hitz egiten zituztela. Alproja! orduan non da euskalduntzea? beno, hizkuntzalaria orain dela zenbait urte hil zen, beraz bere hipotesia bakean utziko dugu.

Ikusten duzuenez honek ez du loturarik akitaniarren inbasio batekin V-VI mendeetan, aurkakoa dio eta Oihenart-en tesietan kokatu ahalko litzateke gutxi gora-behera.

Ikus dezagun orain Untermann-ek zioena eta dioena. 1983an akitaniarra eta euskararen arteko lotura garbia zela eta agian euskara ez hizkuntza hispaniarrekin ahaideturik ez zegoela esan zuen. Baina nola azaldu hau? bere aburuz agian Goi Erdia Aroan edo erromatar garaian izandako leku-aldatzeen ondorioz izan zitekeen. Beno, inferitu leike akitaniarretaz mintzo zela, baina 98an iritziz aldatu zuela dirudi, Zaragoza zein Nafarroako inskripzioak eta hilartitzak euskara arkaiko edo akitanikoan idatzi zirela onartzen baizuen eta ezbairik gabe gainera.

Ziurrenik zeuen buruari honako galdera egin diozue, baina norbaitek proposatuko zuen akitaniarrek baskoiak inbaditu zituztela, ezta? ala berak asmatu zuen dena? Beno, egia esan ez, ez du guztia asmatu, baina bai aipatzen dituen idazle eta hizkuntzalarien hipotesiak eta bereziki berak “teoria” honekin lotzen “froga” eta gertaerak.

Trask dugu bere “The History of Basque”n hipotesi hau jaso zuena, jaso ez ezik hizkuntzalari askok defendatzen zutela esan zuen (inolako erreferentziarik eman gabe!) penintsulan akitaniar euskarazko inskripziorik aurkitu ez zela argudiatuz. Gaur egun jakin badakigu hau ez dela berak zioen moduan eta penintsulan euskal epigrafia nahikotxo aurkitu da, baina ziurrenik Trask-ek ez zuen horren berri.

Hala ere zehatzak izan behar gara, Lawrence Robert Trask-ek ez zuen esan inbasiorik egon zenik, ez, ez zuen esan, berak esandakoa honakoa da: euskara, galieraren moduan iparraldetik hegoaldera hedatu zela. Baina erea berean onartu egin zuen nafarroako ekialdean euskara hitz egiten zela, eta ziurrenik Gipuzkoan baita ere, baina ez zela arrastorik gelditu (ezta beste hizkuntzen arrastorik ere, dio berak).

Beno, Entziklopedia Askeak bere akatsak zituela bagenekien, hasteko edozeinek dezakeela inolako filtrorik gabe, baina era berean beste edozeinek zuzen dakiokela. Joseba Abaitua irakasleak txorakeria hauek egitea eta idazteari uztea espero dugu, baina dirudienez ez du hori egiteko asmorik…