Baina ibaia ez dago arro. Lasai dago, ni ez bezala.
Begiak itxi ditut, betazalak erortzen uztean baztertu nahi ditudan pentsamendu guztietatik babestuko banintz bezalaxe. Aurkitu dudan iluntasunak nire barrena baretu du. Badakit berriro ere begiak irekitzean desagertuko dela baina oinetan ura nabari dut, itsasgora dago dirudienez. Poliki poliki begiak ireki ditut, ez da itsasgora, ibai lasaiaren urak arrotzen dituen dituen ipar-haizea baizik.
Alkandora urdina busti egin da, baina ez naiz kexu. Lagungarri izango zait haizea.
Bi eskuez hartu dut maindire zahar batez estalirik nire ondoan dagoen egurrezko txalupa. Oso arina ez bada ere harri labainkorrek eta maldan behera izateak erraztu egiten du prozesua. Atzetik bultzatu dut indarrez eta azkenengo aldiz. Uretan da txalupa eta bere zama, korronteak ibai ertzetik urruntzen duelarik.
Harrietan gora egin dut eta nire oinek belarraren uki leuna eskertu dute, ez dituzte harriak gogoko. Kotxerantz gerturantzen naizela instant batez txalupa begiratu dut, itsasorantz darrai, gorpua estaltzen zuen maindere zaharra atzerago gelditu den arren. Kotxera igo baino lehen ingurura begiratu dut. Aurkituko balute ere ezin ezagutuko luketela esanez lasaitu dut neure burua eta motorra piztu dut, azkenengo aldiz atzerantz begiratzeko keinua egin dudan bitartean.
Baina ez, oraingoan ez dut atzera begiratu ipar haizeak beste ertzera txalupa bultzatzen duen arren. Lasai naiz, aske naiz, nire ekintzetatik aske. Orain dela ordu batzuk gertatutakoak ez nau arduratzen ezta ziurrenink nire hatz markekin txalupan ahazturik utzi dudan eskalpeloa. Egin dut, lehen aldiz eta behingoagatik nire bizitzan egin dut. Ez dut gehiegi pentsatu egin dudanean egia esan, baina egin dut, nik nahi nuena egin dut lehenengoz.
Inoiz eduki dudan zamarik handiena gainetik kendu izanaren sentsazioa daukat ibaietik urruntzen naizen heinean. Lehioa igotzen dudan bitartean pentsamendu bat datorkit burura, hemendik aurrera nik nahi dudana egingo dut soilik…